XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) haurrak etxeetan zeuden, eta momentu batetik bestera esna zitezkeen, zeren eguzkia Joxemiren ile nahasien punta errubiaskak kixkurtzen zituena teilatuetatik gora zebilen.

Joxemi gau hartako amets gustagarri batekin gogoratzen ari zen.

Itsaso, erdi-sekretuan horrenbeste maite zuen emakumeak, bere gela berean lo egin zuen; bi litera zeuden eta bera, Joxemi, goikoan zegoen, eta orduan Itsaso heldu zen eta eztitasunez biluztu zen eta behekoan sartu zen, eta Joxemik jeitsiko al naiz? eta ez eta beharbada... pentsaketan denbora oso goxo iragan zuen; zerbait horrela izan zen behintzat, gaizki akordatzen bait zen.

Gero bihotza taupada azkarrez hedatu zitzaion.

Egun ederra zen, eta hori ez zen kasualidadea.

Eta azken hilabeteetan behin eta berriro erabilitako ideia bururatzen zitzaiolarik begia ez zitzaion xehetasun nimiñoetan galtzen, eta denbora dena etorkizun iruditzen zitzaion, eta mundua leku bat zelaia...

Aspalditik hitz bat zebilkion buruan Joxemiri: independentzia.

Askatasuna baino gehiago gustatzen zitzaion.

Askatasunak zailago izan behar dik, zeren denen ahotan zebilek, esaten zuen.

Independentzia ez, hori gure-gurea diagu.

Hori han zegok eta haruntza bide xuxena zeukeagu.

Askatasunak ere direkzio berean egon behar dik gainera.

Independentziaren asmoak proiekturik fabulosoenak kontzebitzera eraman zuen.

Euskal Herritik aterako zen, eta munduan zehar euskaldunen borroka ezagutaraztearekin batera beste herri zapalduekiko elkartasuna adieraziko zuen.

Bi gauza zekizkien: Indiko aldean munta bateko atentatu bat egin behar zuela eta haratakoan Perutik pasatu beharko zuela, han bizi zen aita Manu, lehergailutan espezialista zen euskaldun apaizak, zenbait aholku eman ziezaion.